XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Europari begira, zalantzaz beterik

Hortik zehar diotenez orain europearrak gara, orain edo datorren urtarrilaren batetik, berdin da.

Frantsez batek esan omen zuen Europa Piriniotan amaitzen zela, bertan Afrika hasten zelarik.

Hau dena ikusirik zera galdetzen diot ene buruari.

Non jarri behar dituzte Europako mugak, aduanak eta abar? Nonbait jarri beharko dituzte, europarrak ez direnentzat mugak eta aduanak beharrezkoak izango baitira, ala ez? Horrexegatik galdetzen diot ene buruari non jarriko dituzten.

Ea Piriniotan jarraituko duten edo-ta Ceuta-Melilla edo Canarias-etara eramango dituzten, hauek Afrika izeneko kontinentean kokatuta egonik ere orain Europako zatitxo bat izango baitira.

Europa osorik ez badago ere, eta ez da egongo, Asiaren alboan dago, Afrikako zati batzu ditu... geografiako liburu berriak argitaratu beharko dituzte gure biloba europarrentzat.

Eta administratu, nor administratuko gaitu? Ez dut esaten zergak kobratu, hori edonork egiten baitu.

Esan nahi dudana zera da, zer gertatuko ote da gure administrazio foralarekin? Azkenengo bolada honetan hasiak dira jadanik gure politika gizonek hori ere ukitzen.

Izorratuko dute, ukitzen duten edozer gauza izorratzen duten bezala.

Ba, jakin dezatela gure administrazio forala, gure arbasoengandik jaso duguna, herrikoi, deszentralizatu eta demokratikoena dela.

Hori da nahi ez dutena, deszentralizatzea! Nahi dutena, ordea, kontrolatzea da.

Horregatik zentralizatzen dute; horregatik burokratizatzen dute duen herrikoitasun eta demokratikotasuna kentzeko.

Baina inolaz ere ulertzen ez dudana zera da, nola administratuko gara edo administratuko gaituzte Europan sartu ondoren? Ez al da egokiagoa izango gure arbasoen antzera geure burua administratzea?, haiek europearrak baitziren.

Eta nekazaritzari begira, zer esan? Zein etorkizun dakarkigu Europak? Euskal Herrian patata, zerealak eta erremolatxa izan ohi dugu, eta baita txerriak ere.

Burua kontraesanez beterik dut, eta ez da gutxirako! Madrilgo Gobernuak dioenez, zegoen pakturik onena izenpetu du.

Azkenengo egunotan hemendik gai honetaz hitzegiten ibili den Eusko Jaurlaritzaren esanez ez da hainbestekoa gaia, eta ez dugu beldurrik izan behar.

Nekazarien sindikatu eta erakundeek etorkizuna oso beltza dela diote.

Eta bitartean gu hemen erdian, nori entzun edo nora begiratu jakin gabe.

Madrilgoek ez dute esaten zeintzuk eta nolakoak ziren zeuden beste aukerak, Eusko Jaurlaritzak ez du aztertzen beldur behar izan ez hori, eta sindikatuek ez dira aldaketa hori esplikatzera ausartzen.

Prentsan irakurri ahal izan duguna zera da, zerealak inportatu egingo direla, gu hoiekin konpetitzeko gauza ez garela.

Erremolatxaren salneurria ez dela igoko zazpi urtetan gutxienez, bitartean, abonoak, traktoreak eta esku lana garestituko direlarik.

Nor izango da egoera horretan erremolatxa ateratzeko gauza? Ezin izango ditugu gure txerriak Europara exportatu, urte askotan edo-ta sekula santan.

Eta bitartean Europak bere merkatu arauak inposatzen dizkigu.

Patatari buruz hobe ez hitzegitea, aurtengoa berriz ikusteko...

Eta honi zegoen aukerarik onena deitzen diote, eta honi ez diogu beldurrik izan behar....

Ba... guk horrela ikusten dugu, zer ez dute esango esneari dedikatzen diren baserritarrak? Hoiek izango dira kalterik handienak jasango dituztenak.

Gaur egun arazo nagusiak sofritzen ari dira.

Batzuk ikaragarrizko zailtasunak dituzte aurrera jarraitzeko.

Beste batzuk etorkizuna izango zelakoan kredituz leporaino bete dira.

Eta orain berriz, panorama hau...

Eta postrerako zer? Tarta beltza: europear legeak, europear administrazioa, kalitate neurri europearrak, eta merkatu europearra...

Eta gurea zer? Nork esplikatzen dit neri gurearekin zer gertatuko ote den? Ez al litzateke hobeagoa izango frantsesak esaten zuen bezala afrikanoak izaten jarraitzea?

Arabako mendietatik, jaso nire besarkada bero bat.

P. Pérez de Villarreal.